ENE KANTAK "DANTZAN"

Irailak 4 / 12:00 / Lekua: Zezen plaza

 

 

Jada ia 10 urte pasa dira Ene Kantak ekimena sortu zenetik; bai, bai, seguraski zu ez zinen oraindik jaio, baina gure seme-alabak bai. Beraientzako kantuak egiteko gogoa piztu zitzaigun: ze demontre, abestiez gain, hauek dantzatzeko pausu edo koreografiak ere bai! Gure bideoetan dantzatzea gustuko dugula nabaritu duzu, ezta? Trebe-trebeak, eta batez ere, zeinen ongi pasatzen dugun.

Musika, dantza, euskara eta irudia: zer gehiago behar zen? Bada, abesti hauek cd eta dvd-etan argitaratzea, eta euskarari bultzada emateko, jende ospetsuaren partehartzea: horrela errazago emango zen ezagutzera Ene Kantak, eta jende gehiagoren etxeetara iritsiko zen gure musika. Imaginatu al zenituzten inoiz, Ene Kantak sortu aurretik, kirolariak, bertsolariak, idazleak, edo musikariak jo ta ke umeentzako dantzan?

Hori lortu du Ene Kantak-ek, hori lortu du euskarak, eta hori lortu duzue zuek, etxeko txikiek.

Dagoeneko 6 disko kaleratu ditugu 10 urte hauetan, eta tartean gure abestiekin sortutako 3 ikuskizun. Seguraski emanaldiren batean ikusi gaituzu; Eneko, Nerea, Satorjator eta Astonauta herri askotan aritu gara emanaldiak egiten. Zurean oraindik ez? Agian egun hori iritsiko da! Eta zure herrian ez bada, areto handi batean ea elkar ikusten dugun.

Zein dira Ene Kantakeko abestien artean gehien gustatzen zaizkizun abestiak? Naturaren zaintzari buruzkoak? Ohiturei buruzkoak? Animaliei buruzkoak?Adiskidetasunari buruzkoak? Gorputza lantzen dituztenak? Agian… jolasteko direnak? Erraldoienak? Hainbeste daude… Eta egongo direnak!

Gure gogokoenak Astonauta, erraldoienak, Perez sagutxoa, Birziklatzearena eta Glu eta Glu dira. Ez galdetu zergatik, gu dantzan hasten gara eta kitto.