Kultura Plazara ideia sinple baina indartsu batetik sortu zen: plazak kulturaz eta giro onez betetzeko asmoz. Gure ustez, unerik ederrenak kalean eta plazan bizi dira; musikaz, arteaz, gastronomiaz eta elkarrekin partekatutako esperientziez gozatuz.
Gure hitzordu nagusia Tolosako Zumardiaundian egiten da. Pare bat egunetan, espazio hori kulturaz, musikaz eta adin guztietarako jarduerez betetzen da, familia, lagun eta herriaz gozatu nahi duen edonorentzat topagune bihurtuz.
Baina Kultura Plazara ez da Zumardiaundira mugatzen. Beste Plazak ekimenaren bidez, kulturaren eta topaketaren espiritu bera Tolosako beste plaza eta auzoetara ere eramaten dugu. Gune bakoitzaren ezaugarrietara egokituz eta tokiko eragile, elkarte nahiz auzokideekin elkarlanean, esperientzia bereziak sortzen ditugu.
Kultura Plazararen bidez, artista berriak ezagutarazi, tokiko kultura eta merkataritza sustatu, elkarrekin gozatzeko guneak sortu eta plazak beste modu batera bizitzeko aukera eskaini nahi dugu.
Tolosan, kultura bizi-bizi!


